martes, 16 de mayo de 2017

14.HAURRAREN ERRUTINA HAUR HEZKUNTZAN

Azken aurreko aste hau berezia izan da, asteartean klaseko zenbait ikaskideek aurkezpen bat eman zuten, haurraren errutinari buruzkoa. Lehenengo egokitzapena zer den helarzi digute eta ondoren haurra egokituta dagoenean bere eguneroko errutina nolakoa den. Haurraren eguneroko errutina: Harrera, jolas librea, hamarretakoa, zaintza unea, bazkaldu, zaintza unea, jolas librea, siesta, jolas librea eta bukatzeko irteera.

Lehendabizikoz eskolara joatea ez da batere erraza haurrarentzat, ezta horien gurasoentzat ere. Haur batzuk negar egiten dute eskolara joatean, beste batzuk eskolan galduta sentitzen dira leku berria delako… Horregatik, hainbat gurasok beldurra diote egokitzapen fase honi. Momentu hori ahal den xamurrena izan dadin, umearen ongizatea bermatu behar da, izan ere, gure helburu nagusia haurraren ongizatea ziurtatzea da. Egokitzapen fasea ahalik eta positiboena izan dadin, hezitzaileen eta gurasoen artean harreman estua egotea ezinbestekoa da. 

Beraz, egokitzapen fasearen xedea haurra eskolara ongi egokitzea da. Aipatutako adaptazioa ahalik eta egokien eman dadin, haurrak irakaslea atxikimendu irudi seguru gisa ikusi behar du. Honek atxikimendu lotura lortzen duenean, eskolako testuinguruan seguru sentituko da eta ez du beldurrik izango. Gustura sentitzen denez, haurrak oinarrizko gaitasunak garatuko ditu; garapen kognitibo eta motorea, ahozko hizkuntza, bere buruaren ezagutza, inguruaren esplorazioa eta beste umeekiko harremanak egingo ditu. Egokitzapen aldiaren hasieran, klasean ez da gustura egongo baina denboraren poderioz, ohitzen joango dira, hau da,ingurune berri honetara egokitzen hasten dira. Egokitzapen aldi honek, orokorrean, hiru lau aste irauten dituen arren, haur bakoitzak markatuko du zenbat denbora behar duen, hortaz, haurraren erritmoa kontuan hartuko da.

Laburbilduz, egokitzapen aldian, errutinen bidez haurrak segurtasuna lortuko du ingurune berri honetan eta prozesu honetan, irakaslea, laguntzailea izango da.

Harrea eta irteera 
Harrera eta irteera uneak garrantzitsuak dira haurrarentzat. Familia eta eskolaren artean harremana sustatzen dutelako. Modu honetan, afektua, interesak eta ardurak partekatzeko unea bihurtzen da, betiere protagonista haurra bera izanda.

Haur batzuei momentu hauek gogorra egiten zaizkie, sentimenduak eta emozioak azaleratzen direlako momentu hauetan. Momentu honi aurre egiteko, funtsezkoa da eskolaren eta familiaren arteko konplizitatea egotea, haurra ingurune seguru batean dagoela pentsarazteko.

Gainera, harrera momentua erabiliko da haurraren inguruko informazioa emateko. Haur eskola gehienetan, gurasoek, etxera eramaten dute egunero haurraren liburuxka bat. Bertan, haurraren inguruko zenbait informazio zehazten dira. Ondo lo egin duen edo ia familian arazoren bat dagoen esaterako. Eguna bukatzean eta irteerarekin batera, liburuxka hau, hezitzaile edo irakasleak gurasoei bueltatzen die, egunari buruzko informazioarekin. Zenbat kaka egin duen edo zenbat lo egin duen zehazten esaterako.


Jolas librea (txokoetan, interesguneetan.. )
Harrera eta gero, haurrek ikasgelan jolas librean aritzen dira orokorrean. Gela, txokotan, interesguneetan edota beste hainbat modutan egon daiteke antolatuta. Honen arabera, haurrak espazioaren antolakuntzaren arabera, jolasteko aukera desberdinak izango ditu. Honez gain, ikastetxearen arabera, espazio desberdinak eskainiko zaizkio haurrari. Hau da, psikomotrizitate gela eduki edo ikasgelan landu dezakete psikomotrizitatea edo batzuek jolastokia dute eta beste batzuk ez. Jolastoki hau, estalia, ez estalia, parkearekin, jostailuekin… izan daiteke.

Horrez gain, jolas librea hainbat ekarpen onuragarri ditu haurrengan beraien barneko eta kanpoko mundua adierazten laguntzen duelako sinbolikoki eta horrela bere fantasia, beldurra, zailtasuna eta sormena azaldu eta lantzeko bidea dute eskuragai. 


Hamarretakoa 
Hamaiketakoa, eskola guztietan egiten den errutina bat da. Aurkezpena eman duten ikaskideak euren esperientziak helarazi digute. Izan ere, hamaiketako ezberdinak ikusi dituzte: 

-Amaia: Ikasgelatik atera eta barruko patioan elkartzen ziren eta noizean behin denboraren arabera kanpoan. Elkarren ondoan jarri eta irakaslea zatitutako fruta zeraman bola haurrez haur pasatzen joaten zen eta haurrari sardexkaz fruta hartzera gonbidatzen zitzaion. Bukatzeko kantatu egiten zen. 
-Itsaso: Haurrak jolas librean zenbiltzan eta irakasleak jolasak batzeko esaten zieten eta korroan esertzeko, beti ordu berdinean. Jolasak batu ondoren, denak korroan esertzen ziren eta makinista zen haurrak besteei gailetak banatzen zizkieten. 
-Ane: Hezitzaileak abesti bat abestu eta haurrak koltxoneta batean esertzen ziren. Esertzen ziren haurrei, hezitzaileak gaileta bat ematen zieten eta besteei ez. 
-Garazi: haurrak jolas librean zebiltzala, hezitzaileak egunero kantu berdina ipintzen zuen eta haurrak korroak esertzen ziren. Haur batzuei asko kostatzen zitzaien eserik mantentzea, baian hezitzaileak bertan egotera animatzen zituen. Egunero kantu bat kantatu eta hezitzaileak gaileta zati bat ematen zien haurrei, hauek jateko. 

Hamaiketakoarekin ondorio bat atera dute; honen bitartez hainbat gauza lantzen dituztela, besteak beste: haurrek begi esku koordinazioa lantzen dutela hamaiketakoa jan bitartean, psikomotrizitate fina eta autonomia ere lantzen dutela eta orokorrean eguneroko ekintzak helburu pedagogiko bihurtuz, haurrarren hezkuntzak osotasun bat lortzen dutela.


Zaintza uneak (pardela …) 
Zaintza uneetei erreparatuz, modu asko daude hau aurrera eramateko. Nire ikaskideek Pikler metodologia izendatu dute. Harremana, arreta eta errespetua, nagusi dira une honetan. Momentu horiek, kalitatezkoak eta plazerean oinarrituak izan behar dute. Egunerokotasunean murgilduta dauden zainketa une horiek guztiak harreman iraunkorrak sortzeko une pribilegiatuak dira. Haurra emozionalki aseta baldin badago soilik egongo da prest mundura zabaltzeko eta inguruarekin harremanetan jartzeko.

Bazkaldu
Bazkaltzearen fase honetan euren esperientziak adierazi dituzte, laurak erabat desberdinak: 
-Amaia: 2 urte terdiko haurrek eta hirukoek, autonomia lantzeko, egunero haietako bat bihurtzen zen zerbitzari, eta irakaslearen laguntzaz platerak banatu eta zerbitzatzen zituzten, horretarako, baliabideak eta altzairuak egokituak zeuden. Bazkaltzean, ez zitzaien jan nahi ez zuten ezer jatera behartzen eta bazkal ordua programa didaktiko eta hezkuntza planaren barruan zegoen. Horrez gain, bazkaltzen hasi aurretik, kantu bat abesten genuen. 
-Itsaso: Ni egon nintzen haur eskolan, bazkaltzera jangelara joaten ziren jangelako hezitzaileekin. Klasean irakasleak, eskuak garbitzera joateko esaten zieten eta etxera joaten ziren haurrei jakak eta motxilak jartzen laguntzen zieten. Ondoren, besteak eskuak garbitu eta irakasleak jangelara laguntzen zieten eta bertan, jangelako hezitzaileen laguntzarekin bakoitza bere lekuan esertzen ziren. 
-Ane: nire kasuan, 1-2 urteko gelako dinamika hau zen; gelan bertan haurrei mantalak janzten zitzaizkien eta denak jantzita zeudenean jangelara sartzen ziren. Haurrek toki finkorik ez izan arren, alergikoak ziren haurrei toki estrategikoetan ezartzen zitzaien, normalean mahai ertzean edo bestela beste mahai batean. Autonomiari dagokionez, haur guztiek beraien kabuz bazkaltzen zuten. 
-Garazi: Ni egon nintzen haur- eskolako ikasgelan, bazkaltzeko txoko bat zegoen izkina batean. Bazkaltzeko ordua heltzean, hezitzaileak lehenengo gela erdia mahai inguruan esertzeko esan eta besteak jolasten jarraitzen zuten. Mahaiak “u” forma zuen eta hezitzailea erdian jarrita, haur batzuei jaten laguntzen zien. Besteei aldiz, berak ematen zien jaten, ez baitzuten autonomiarik jaterako orduan. Inoiz ez zien derrigortzen jatera ez bazuten nahi. 


Siesta 
-Amaia: Siestari dagokionez, aldez aurretik komunera joaten ziren haurrak eta bertan, pardela jartzen zitzaien behar zutenei eta eskuak nahiz aurpegiak garbitzen zitzaien bakoitzari. Ondotik, denei bodiak jarri eta lotarako gelan sartzen ziren, gela iluntasunean egon oi zen dagoeneko eta musika lasaia jarrita.Haur bakoitzak, bere amakita edukitzen zuen eta bertan etxetik ekarritako manta, burkoa… Lo egiterako momentuan haurren batek arazorik edo beldurrik bazuen, beti hurbiltzen zitzaion irakasleren bat lasaitzera eta goxatzera. Ordu eta erdi ingurukoa izan oi zen siesta.
-Itsaso: Ni 2 urteko gelan egon nintzen eta haur batzuk bakarrik botatzen zuten siesta. Batzuk bazkaltzera etxera joaten ziren beraz, arratsaldean ez ziren eskolara etortzen eta eskolan gelditzen ziren batzuk lo egiten zuten eta beste batzuk jolastokira joaten ziren. Siesta egiten zutenak, bazkaldu eta gero jantokiko hezitzailearekin beraien gelara joaten ziren lo egitera. Bertan, oheak jartzen zituzten eta bakoitzak bere zakua izaten zuen. Hezitzaileak, musika lasaia jartzen zieten eta irakaslea klasera etorri arte jantokiko hezitzailearekin egoten ziren eta gero irakaslea sartzen zen.
-Ane: nire haur eskolan, ordu batetik aurrera (12etatik aurrera) familiak haurra hartzera etortzen ez baziren, derrigorrez siestara gelditu behar ziren eta 13:30tatik aurrera aukera zuten haurra eramateko, baina ez lehenago. Siesta unea halakoa zen; pardela aldatu, bodyan utzi eta gelan zehar koltxonetak jartzen ziren. Hezitzaileak haur bakoitzari txupetea ematen zion, behar izanez gero. Ondoren, izara batez estali eta musika erlaxantea jartzen zitzaien.
-Garazi: Nire esperientziaren arabera, haur batzuk siesta orduan lo egiten zuten eta beste batzuk ez. Siesta ordua heltzean, hezitzaileak haurrak banan banan besoetan hartu eta ikasgela ondoan zegoen gela ilun batera eramaten zituen, sehasketan haurrak lo egiteko. 

Beste alde batetik, alde praktikoari dagokionez,nire ikaskideak pardela nola ipini behar den azaldu dute. Ondoren, bukatzeko biberoia nola prestatzen den. Orokorrean oso interegarria iruditu zait aurkezpena.

Aste honetako sarrerarekin bukatzeko aipatu behar dut, asteazkenean, unitate didaktikoarekin jarraitu dugu lanean. Bukatuta daukagu jadanik, soilik egon gara lana txukuntzen. Ostiralean, berriz, honi buruzko aurkezpenak egon ziren eta hainbat jarduera dinamiko eta dibertigarri burutu genituen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario