Sarritan alderdi emozionalari ez zaio esplizituki arretarik jartzen, ez dago horretaz hitz egiteko lekurik. Etxean hitz egiten dutela uste izaten dugu, baina haurrak etxetik kanpora ere ordu asko pasatzen dituzte eta interes asko dituzte. Askotan zera entzuten da: “haur honek arazoak baldin baditu, joan dadila orientatzailearengana edo psikologoarengana”. Zergatik lotzen dugu alderdi emozionala beti arazoekin? Batzuetan hala izango da, arazoren bat edukiko du, baina ez beti. Besterik gabe, sentitzen denaz hitz egiteko beharra ere izan daiteke.
Badago beste kontu bat ere: edukiak eta alderdi emozionala bereiztu egiten ditugu. Badirudi horiek aparte landu behar direla eskolan, eta horregatik esaten da ez dagoela denborarik. Batzuetan hala diote irakasleek: “ezin dugu denbora guztian gauza horiekin aritu, beti asanbladak eginez, terapeutak bagina bezala”.
Klase orduetan denbora tarte bat eduki behar dugu haurrek beren sentimenduak adierazteko, besteei laguntzeko eta bizitzan gertatzen diren gauza horiek ikusteko: jaiotza, heriotza, elkar jotzea, iseka egitea, laguntzea, baztertzea, kexatzea, gezurrak esatea, lagunei molestatzea, frustrazioak gainditzea…Beraz, uste dut lan proiektu guztiek norbaiten kezka, gertatzen zaiona, kuriositatea…landu beharko dutela, hau da, zerbait berea, bere bizitza pertsonal, afektibo eta familiarrekoa. Beste modu batera esanda, goiko pisuko gauzak landuz, beheko pisuko gauzak ateratzen direla.
Laburbilduz, irakasleok haurrei lagundu behar diegu proiektuen bitartez haien sentimenduak, emozioak eta kezkak adierazten, ondoren haien nortasuna eraiki dezaten, hau da, edukiak landu haurren emozioak kontuan hartuz. Izan ere, ezin dugu alderdi emozionala alde batean utzi, ikaskuntza prozesuaren barne egon behar baita.


