“Lan modularra”, “azterketa” eta “Didaktika orokorra”. Hiru hitz desberdin baina aldi berean loturarenbat dutenak. Hirukote honek hezkuntza-sistemarekin zerikusia du. Kontua da, hiru hitz sinple eta normalak izanik, beste edozein hitz bezalakoak, itxuraz, hauek entzutean beldurra sorrarazten digutela. Nire kasuan, oporretatik bueltan etengabe aritu dira irakasleak hitz eder hauek helarazten eta nahigabe tentsio, urduritasun baita beldur pixka bat ere eragiten didate. Zergatik diegu nolabaiteko beldurra hitz arrunt batzuei?
Nire aburuz, ez diegu beldurra hitzei baizik eta ezezaguna den horri, ezjakintasunari. Nahiz eta materia ikasia eduki, azterketara urduri joaten gara zer sartuko den ez dakigulako; lan famatu horri, “lan modularra” deiturikoari, beldurra diogu etengabeko zalantza batean murgilduta gaudelako, ondo edo gaizki egiten ari garen ez dakigulako. Hirugarren hitzari dagokionez, urduritasuna eragiten digu, ikasgaia berria baita. Beraz, badirudi fobia moduko bat diegula hitz batzuei, hau da, logofobia edo verbofobia daukagula.
Hori dela eta, nire ustez, irakasleak izango garen heinean, hitzei benetako zentzua ematen hasi behar gara, aspektu negatiboak alde batera utzita. Halaber, motibazioa ezinbestekoa da hitz hauei fobia ez izateko eta ezezaguna den horri beldur barik eta segurtasun osoz aurre egiteko. Irakasleok saiatu behar gara ikasleei txiki-txikitatik hitzen edertasuna irakasten, ikustarazten, eta haien mintzaira maitazen, noizbait gure hizkuntza maiteari fobia izatera ailegatzea gauza pentsaezina delako.
No hay comentarios:
Publicar un comentario