jueves, 23 de febrero de 2017

4.- ALDERDI EMOZIONALA ETA EDUKIAK

Sarritan alderdi emozionalari ez zaio esplizituki arretarik jartzen, ez dago horretaz hitz egiteko lekurik. Etxean hitz egiten dutela uste izaten dugu, baina haurrak etxetik kanpora ere ordu asko pasatzen dituzte eta interes asko dituzte. Askotan zera entzuten da: “haur honek arazoak baldin baditu, joan dadila orientatzailearengana edo psikologoarengana”. Zergatik lotzen dugu alderdi emozionala beti arazoekin? Batzuetan hala izango da, arazoren bat edukiko du, baina ez beti. Besterik gabe, sentitzen denaz hitz egiteko beharra ere izan daiteke.
Badago beste kontu bat ere: edukiak eta alderdi emozionala bereiztu egiten ditugu. Badirudi horiek aparte landu behar direla eskolan, eta horregatik esaten da ez dagoela denborarik. Batzuetan hala diote irakasleek: “ezin dugu denbora guztian gauza horiekin aritu, beti asanbladak eginez, terapeutak bagina bezala”.

Resultado de imagen de niño felizNire aburuz, gero eta garbiago daukat gelan gertatzen den oro alderdi emozionalarekin zerikusia duela. “Beheko pisua” deituko diogu alderdi emozionalari, norberaren barruan egosten den guztiari, ikaragarri gustatzen zaigun guztiari, beldurra ematen digun guztiari, segurtasun eza sortzen digun guztiari, zalantza eta desio guztiei. Iceberg-aren punta ikusten den moduan, burua ikusten zaigu guri, baina azpian hori guztia dago, askoz handiago dena eta behean dagoena. Askotan sentitzen dut taldea mugitzen duena, lan egiteko gogoa sortzen duena eta interesgarria dena beheko pisu horretatik ateratzen dela. Ez diot meriturik kentzen ikasteari, beharrezkoa baita bizitzen jarraitzeko. Baina izan dadila beheko sustraiekin lotura duen ikasketa. Zeren lotura hori ez baldin badago, ikasteagatik ikastea da, azterketetan bezala. Behin azterketa egindakoan, ahaztu egiten da. Aitzitik, benetan desio dugulako ikasten badugu, barrutik irteten zaigulako, beste kontu bat da. Nahi dugulako ikasten badugu ez zaigu ahaztuko.


Klase orduetan denbora tarte bat eduki behar dugu haurrek beren sentimenduak adierazteko, besteei laguntzeko eta bizitzan gertatzen diren gauza horiek ikusteko: jaiotza, heriotza, elkar jotzea, iseka egitea, laguntzea, baztertzea, kexatzea, gezurrak esatea, lagunei molestatzea, frustrazioak gainditzea…Beraz, uste dut lan proiektu guztiek norbaiten kezka, gertatzen zaiona, kuriositatea…landu beharko dutela, hau da, zerbait berea, bere bizitza pertsonal, afektibo eta familiarrekoa. Beste modu batera esanda, goiko pisuko gauzak landuz, beheko pisuko gauzak ateratzen direla.

Laburbilduz, irakasleok haurrei lagundu behar diegu proiektuen bitartez haien sentimenduak, emozioak eta kezkak adierazten, ondoren haien nortasuna eraiki dezaten, hau da, edukiak landu haurren emozioak kontuan hartuz. Izan ere, ezin dugu alderdi emozionala alde batean utzi, ikaskuntza prozesuaren barne egon behar baita.

Resultado de imagen de niño llorandoResultado de imagen de niño enfadado

No hay comentarios:

Publicar un comentario